HAUTESKUNDEETAKO EMAITZEN ETA IZANDAKO ELKARRIZKETEN BALORAZIOA

BILDUABADIÑOtik gure zorion eta eskerrik beroenak helarazi nahi dizkizuegu maiatzaren 22ko hauteskunde egunean eman diguzuen babesarengatik. Abadiñon lortu ditugun 1.516 botoak eta Hego Euskal Herrian jaso ditugun emaitzak historikoak izan dira.

Abadiñon BILDU izan da aldaketaren botoa. Oso ondo ulertu genuen udala herritarrengana hurbiltzeko eta herritar guztiei zabaltzeko adierazi zenuen nahia, eta zuen eskari horri erantzun beharrez proposamen politiko bat moldatu genuen hiru zutabetan oinarritua: herritar guztien parte-hartzea bultzatzea, kudeaketa eredu berri bat abiatzea eta udal gobernu sendo eta egonkor bat osatzea.


Abadiñoko independienteekin izandako harremanak

Abadiñoko Independienteekin akordiorik lortzeko aukerarik ez da egon. Ikusirik aurreko legealdian talde horrek oposizioarekin agertu duen jarrera baztertzailea eta dekretu bidez gutxiengoan gobernatzeko erakutsi duen jarduera presidentzialista, esperantza txarra geneukan horiekin udal ireki, garden eta parte-hartzaile bat osatzeko.

Bi aldiz batzartu gara Abadiñoko Independienteekin eta sekula ez dugu ikusi inolako aldaketarik euren jarreran. Etorkizuneko erronkei dagokionez, aurreko legegintzaldian hasitako proiektuak berrikusteko inolako borondaterik ez dute agertu, eta gainera, datozen lau urteetan jorratu nahi dituzten proiektu gehienekin ez gara bat etorri.

Abadiñoko Independienteak itxurakeria hutsean aritu dira gurekin eta sinistuarazi nahi izan digute benetako negoziazioa hasi nahi zutela BILDUrekin. Ahaztu balitzaie bezala nolako jarrera baztertzailea izan duten azken lau urteetan oposizioarekin  eta nolako desadostasunak egon diren legealdi osoan AIren eta oposizioaren  artean, zinismo hutsez jokatu dute eta formula zaharrak baino ez dituzte eskeini. Batzarretan erakutsi duten seriotasun eta sinisgarritasun ezarekin eta egin dituzten proposamenekin agerian utzi dute sekula ez dutela izan benetako asmorik gurekin akordiorik lortzeko. Elkarrengana hurbildu gintzaketen gaiak mahairatu beharrean, elkarrengandik urruntzen gaituzten kontuak baino ez dituzte ekarri. Ikusi genuenean borondate eskas hori erabaki genuen joko horretan ez sartzea.

Hasi-hasieratik gure asmoa izan da udal gobernu sendo eta egonkor bat eratzea, dekretu bidezko agintekera presidentzialistarekin bukatzea, talde guztien arteko adostasunak bultzatzea eta aukera ematea herritarrei udalaren erabakietan parte hartzeko; herri osoa aintzat hartzea eta auzo bakar batera zuzendutako politikak alde batera utziko dituen gobernua osatzea; inprobisazioari ateak ixtea eta herriarentzat estrategikoak diren gaiei buruzko hausnarketa sakona bultzatzea.

Norabide horretan BILDUren eta EAJ-PNVren arteko akordio bat ikusten genuen aukerarik egokiena.

 

EAJ-PNVrekin izandako harremanak

EAJrekin hasi behar genuen negoziazio prozesuari ekiterakoan ezinbesteko abiapuntua iruditu zitzaigun Euskal Herri osoko hauteskunde emaitzen irakurketa egitea. Gure ustez emaitza horiek gauza bat erakusten dute argi: euskal gizarteak erabateko apustua egin duela zabaltzen ari den egoera politiko berriaren bultzatzaileen alde eta gogor zigortu dituela ukapena eta gatazka aukeratu duten sektoreak (PP-PSOE). Gauzak horrela, iruditu zitzaigun Abadiñon ere aukera zegoela EAJrekin ildo horretan sakontzeko.

Udal kudeaketari dagokionez, oso kezkatuta ikusten genuen azken urteotan herriak eta udalaren egoera ekonomikoak izan duten bilakera, eta argi geneukan etorkizunean herriak izango dituen aldaketen aurrean beharrezkoa zela proiektu estrategiko eta integral bat lantzea. Horretarako, baina, nahitaezkotzat jotzen genuen aliantza bat sortzea, eta orain lau urte ez bezala EAJ-PNV prest agertu zen gurekin negoziazioa hasteko.

Zinegotzi eta boto kopuruaren aldetik BILDU eta EAJren artean alde nabarmena egon arren, esan genien prest geundela matematikoki zegokiena baino gehiago emateko, gure ustez herri honen norabidea aldatzeko giltza izan direlako, eta alderdien funtzioen arteko banaketa orekatu bat izatea ezinbestekoa delako gobernu akordio baten sendotasuna bermatzeko.

Gure proposamena egin aurretik galdetu genien ba ote zuten inolako hasierako baldintza edo proposamenik mahai gainean jartzeko, eta esan ziguten eurentzat oso garrantzitsua zela Durangaldeko Mankomunitateko lehendakaritza eskuratzea (Mankomunitateko indar korrelazioa azken hauteskundeen ostean: Bildu 13, EAJ-PNV 11, Abadiñoko Independienteak 2, PSOE 1).

Eskari hori gure eskualdeko estrukturei helarazi genien eta bien bitartean herri akordioan sakontzeko proposamena onartu eta eskaintza hau egin genien: bigarren alkateordea, lanaldi erdiko liberazioarekin, eta Abadiñoko hazkunde demografikoaren ondorioz gero eta garrantzi gehiago izango duten bi Batzorderen presidentzia: Hezkuntza eta Gizarte Zerbitzuak. Gainera, proposatu genuen azpiegituren kudeaketa Batzorde bakoitzetik egitea, era transbersal batean lan eginez, orain arte Hirigintza Batzordearen eskumenak izan direnak beste Batzordeetara zabalduta.

Oso begi onez ikusi zuten gure eskaintza eta esan ziguten Abadiñoko EAJren batzordean hausnartu behar zutela. Geratu ginen berriro elkarrekin batzeko ekainaren 7an, martitzenean.

Bigarren batzar horretara EAJ-PNVren ordezkariak euren batzordearen oniritzia hartuta etorri ziren, baina kezka bi adierazi zizkiguten: 1) Legealdian zehar suertatu zitezkeen desadostasunak nola jorratuko genituen?; eta 2) Bizkai Buru Batzarrak nola hartuko zuen baldin Abadiñoko EAJk Mankomunitatearen lehendakaritza Abadiñoko Independienteekin ziurtatu beharrean BILDUrekin udal gobernua adostuko balu Mankomunitateko lehendakaritza bermatu barik?

Legealdian suertatu zitezkeen desadostasunak gainditzeko proposatu genien “Akordioaren jarraipen batzorde bat” eratzea alderdi bien ordezkariekin. Mankomunitateari zegokionez, esan genien gure estrukturari zaila egingo zitzaiola Mankomunidadearen lehendakaritza EAJri ematea, kontuan izanik nola nahi zuen desitxuratu EAJk Elorrio lango herri bateko errealitate politikoa PP bezelako alderdi baten laguntzarekin.

Abadiñoren etorkizuna jokoan zegoela ikusirik ordea, eta EAJk adierazitako kezka hori gozatzeko asmoz, esan genien ahalegin guztiak egingo genituela Mankomunidadearen oztopoa gainditzeko. Jeltzaleek egun bateko epea eskatu ziguten egoera berria euren estrukturari jakinarazteko.

Martitzen hartatik aurrera gertatu zena erraz laburtu daiteke: EAJ-PNVren ordezkarien deirik ez genuen jaso, ez biharamunean ezta hurrengo egunean ere. EAJk ez du garbi jokatu BILDUrekin. Batetik, han ginen gu, jeltzaleek jartzen zizkiguten baldintzak betetzeko eginahal guztiak egiten eta gure estrukturaren oniritzia lortzen EAJ-PNVk Mankomunidadearen presidentzia izan zezan, eta bestetik han zen EAJ, gure ezkutuan akordio bat sinatzen Abadiñoko Independienteekin.

Bariku goizean, ekainaren 10ean, telefonoz deitu genien EAJren ordezkariei esateko onartuta zeudela akordioa sinatzeko jarri zizkiguten baldintza guztiak. Alferrik ordea. Antza danez, ordurako Bizkai Buru Batzarrak agindua emana zien BILDUrekin inolako akordiorik ez sinatzeko, EAJri bere eskari guztiak onartzen bazizkion ere.

Eta horrela heltzen gara maiatzaren 11ra, alkatea aukeratzeko egunera. Udaleko batzargelan egindako bozketan  Abadiñoko Independenteak taldearen alkategaiak 6 boto jaso  zituen, BILDUABADIÑOren alkategaiak 5, eta  EAJko bi zinegotziak abstenitu egin ziren. Abstenzio horiekin EAJ-PNVk Abadiñoko Alkatetza AI taldeari eman zion.

Horra gauzak nola gertatu diren. Bakoitzak atara ditzala bere ondorioak.

Lau urteko legealdi beri bat daukagu aurrean. BILDUABADIÑOk oposiziotik ilusio eta kemen guztiarekin defendatuko du herriari aurkeztutako herri-programa eta bere eskuetan dagoen guztia egingo du Abadiñok Udalean nagusi izan daitezen seriotasuna, gardentasuna eta demokrazia.

Orain arte bezala, hemendik aurrera ere zuen laguntzak emango digu indarra proiektu hori gauzatzeko.