Durangaldeko BILDU eta AHT GELDITU! ELKARLANAren adierazpena Atxarteko harrobietan garatu nahi duten hondakindegiaz
- Published on Osteguna, 22 Martxoa 2012 12:49
- abadino
- 0 Comments
Berriki zabaldu denaren arabera, ADIF, Eusko Jaurlaritza eta Abadiñoko Udala elkarlanean ari dira Atxarteko harrobietan hondakindegi erraldoi bi egiteko, Urkiolako Parke Naturalaren bihotzean, Natura 2000 Sarean dagoen parkean, Europako gune babestuen (LIC) zerrendan dagoen ingurune batean, non galtzeko zorian dauden hainbat animalia eta landara espezie dauden.
Suposatzen da AHTa bezalako azpiegitura erraldoi bat egiten hasi orduko beronen eraikuntza lan guztiak ondo aztertuta eta proiektatuta egongo direla. Era berean, aspalditik gauza jakina da AHTaren ezaugarri nagusietakoa dela beronen ibilbidearen zati handi bat tuneletan zehar doala eta, ondorioz, isurtegi mordoa behar dela tuneletik ateratako hondakin guztiak botatzeko. Hori horrela izanda, harrigarria da euskal Y-aren eraikuntza lanak hasi eta bost urtera lanotako arduradun nagusienek proposatzea helburu horretarako erabiltzea Parke Natural batean dauden harrobi batzuk. Ez al zegoen ba isurtegirik aurrikusita AHTaren proiektuan?
Are harrigarriago da proposamena egiten duenak berak ez jakitea zein izango den harrobietara eramango litzatekeen hondakin kopurua eta gainera esatea, edozelan ere, zenbat eta hondakin gehiago eraman, harrobien berreskurapena hobea izango dela. Ingurumen berreskurapenaren arloan lan egiten duten teknikarien artean gauza jakina da arloko printzipioa dela interbentzio txikienarena. Hau da, edozein berreskurapenetan ahalik eta gutxien ikutu behar dela ingurunea. Kasu honetan, ordea, aurkakoa baieztatzen dute Abadiñoko Udalak, Jaurlaritzak eta Adifek, gorritu barik gainera.
Proiektuan adierazten dutenaren arabera, “Ante la imposibilidad de obtener un volumen definitivo de vertido se plantea la necesidad de adecuar la morfología final de ambos vasos al volumen disponible”. Benetazko helburua harrobiak berreskuratzea izango balitz, ekarritako hondakin kopurua izango litzateke moldatu beharrekoa eta ez alderantziz, harrobi inguruko mendiak moldatuz hondakin kopuruaren arabera.
Onartezina deritzogu, aipatuatko guztia ikusita, honelako ezaugarriak dituen egitasmo bat garatu nahi izatea ingurumen arloko legediari muzin eginda, Ingurumenaren Eraginaren Azterketarik egin gabe. Salagarria da, era berean, aurreproiektuetan esatea lur begetala eta harri naturala bakarrik botako dituztela Atxarten eta Jaurlaritzak, berriz, abenduaren 26ko ebazpenean adierazten du bigarren mailako aridoak ere botako dituztela, hau da, obretako hondakinak. Guzti hori, ingurumenean eragin litezkeen kalteen azaleko azterketa partzial bat soilik egin ostean.
Administrazioa, gai honetan, arduragabekeriaz jokatzen ari dela uste dugu edo, larriagoa litzatekeena, nahita ari da legea saihesten, badakitelako ezinezkoa litzatekeela honelako hondakindegia egitea parke natural batean legeak agintzen dituen azterketak ganoraz eginez gero.
Bereziki aipagarria deritzogu gai honen harira Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak eginiko txostenari. Aldundiak berak ere oso larritzat jo du egitasmoa eta hondakindegi baten aurrean gaudela zalantza barik adierazi du eta ez harrobien berreskurapen baten aurrean, Ingurumen Eraginaren Azterketa egitea ezinbestekotzat joaz. Jaurlarizak, ordea, jaramonik ere ez dio egin Aldundiak aipatutakoari eta aurrera darrai inongo ardura barik.
Aipatutako guztia ikusita, hemen bildutako guztiok, Durangaldeko Bildu eta AHT Gelditu! Elkarlanaren izenean, ondorengoa adierazten dugu:
- Abadiñoko Udalak, Adifek eta Eusko Jaurlaritzak Atxarten egin nahi dutena ez da harrobien berreskurapena, hondakindegi erraldoia baizik. Beraz, egitasmo onartezina da hain ingurune babestuan, non hainbat animalia eta landara espezie galzorian dauden.
- Hori ikusirik, Abadiñoko BILDUko zinegotziok errekurtsoa aurkeztu dugu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren aurrean, hartutako erabakia atzera bota dezan edota, horrela egin ezean, onar dezan ezinbestekoa dela Ingurumen Eraginaren Azterketa egitea aurrera jarraitu aurretik.
- Abadiñoko Udalak zeresan handia dauka guzti honetan, bera delako egitasmoaren bultzatzaile formala, Atxarteko harrobien jabe eta arduradun den heinean. Horrela izanik, atzera egiteko eskatzen diogu eta ,betelan edo isurtegia egiteko proiektua aurkeztu beharrean, benetazko berreskurapen-proiektu bat egin dezala Ingurumen Eraginaren Azterketa eta guzti.
- Urkiolako Parke Naturaleko Patronatuaren jarrera salatzen dugu, orain arte ixilik egon baita, nahiz eta jakin horrelako egitasmo bat bere onarpenik gabe ezin daitekeela gauzatu. Berehala batzar orokorra egin dezan eskatzen diogu, gaia sakon aztertu eta bere jarrera adieraz dezan, beti ere Parkearen ingurumen balioaren defentsan.
Abadiñon, 2012ko martxoaren 21ean.
Durangaldeko Bildu eta AHT Gelditu! Elkarlana
Prentsa:
http://www.gara.net/paperezkoa/20120322/330175/es/Alertan-que-quieren-depositar-tierras-TAV-cantera-Atxarte
http://www.elcorreo.com/vizcaya/v/20120322/duranguesado/bildu-reclama-verdadero-proyecto-20120322.html
http://www.anboto.org/albistea/11502/atxarte-berreskuratzeko-adif-en-proiektuaren-kontra/
http://www.deia.com/2012/03/22/bizkaia/bildu-pide-a-lakua-un-estudio-ambiental-para-recuperar-las-canteras-de-atxarte


Leave a Reply